XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pierre Topet-Etxahun 46-garren plamaren segida.

Koblariak bazakien kasu txarrean zela: lekuak hustu zituen eta Espainiarat ihes egin: orduan ibili zitakeen Sen Jaken, beilari; bainan beila hortaz ez da oraino aurkitu orhoitzapenik.

1843-ko maiatzean Paueko Asisek xuritu zuten Nabarrengoseko itsuskeriaren auzia: bi hobendunak ez baitziren agertu, kondenatu zituzten hamarna urteren galeretara.

Lehen ondorioa: kondenatuen ontasunak bahitzen dituzte.

Etxahunia enkantean emana da.

Beharrik Joseph Topet-ek 1845-eko otsailean aitaren etxea berrerosi baitzuen.

Handik laster, Etxahun sartzen da berak hautatu desterrutik, bi urtez goiti Espainian egonik unatua, edo (nork daki?) Frantzian ahantzia duketela ustez.

Bainan ez dute ahantzia.

Jandarmek biltzen dute; eta, 1845-eko agorrilaren 11-n, Pau-en da itzalean.

Zazpi egunen buruan Asisak dira.

Jujen aintzinerat heldu da, aspaldiko beilarien trastu bitxienak soinean: xenila, manta-labur, pordoin, kulubitxo, maxkur, arrosario luze, ez du deusen eskasik.

Auzi-tartean egiten du xoxoarena, bere ezinbertze eta penak hatsapasaka kondatzen, oro oihu, oro jestu: aditzaileak irriz; bainan, teilatua xilo dukelakoan, urrikalduak.

Ororen buru: jujek pena jausten diote hiru urteren presondegitara.

Urrun da jadanik hamar urteren galeretarik!.

Bainan Etxahuni iduritzen zaio oraino hobeki atera ditakela.

Dei egiten du Cassation-erat.

Suertez huts bat atxemaiten dute Pauen egin auziko paperetan: sinadura bat ahantzia.

Eta horra nun afera Mont-de-Marsan-eko Asisetarat igorria den, han berriz juja dezaten.

Hazilaren 7-an Etxahunek Pau-eko komedia emaiten du berriz ere, polliki emendaturik.

Ez du denbora galdu.

Aldi huntan jujek bi urtetara laburtzen diote gaztigua.

Hasian hasi, zertako ez mentura bigarren dei bat?.

Oraikoan ez dute hutsik kausitzen.

Bi ilabeteak finkatuak dira abendoaren 20-ean.

1846eko otsailaren 24-ean Etxahun Eysses-etako presondegian sartzen da, hogoi urte baititu hortik ateratu zela!.

Bi urte emanen ditu hor, ixtoriorik gabe.

Etxen, anartean, batasuna ari zaio gero eta gehiago desegiten.

1847-ko azilaren 3-an emazteak, bere ontasun propiak salbatu nahiz, ardiesten du legez berexirik izan diten bi esposen ukantzak.

Abendoaren 20-ean, bere gaztigua bururaino pairaturik, Etxahun azken aldikotz ateratzen da presondegitik.

HERRIZ-HERRI Hemendik aintzina Etxahun, erreka-joa, desohoratua, erdi-eskale biziko da, trixtezia handian.

Garindañen anaia bat bordari jarria baitzuen (Jean-Pierre), hunek berekin hartu zuen 1848-an.

Zorigaitzez, 1850-eko uda-egun batez, bi anaiek aharra gorria ukan zuten elgarren artean, eta bordariak poeta kanporat manatu.